Erakusketa

Arma-bilduma bera ardatz moduan hartuta, erakusketa iraunkor honek armagintzaren bilakabidea erakutsi nahi dio bisitariari ikuspegi historikotik nahiz teknologikotik.

Armak, bakoitzak duen su-sistemaren arabera banatu dira aretoetan eta informazio-panelak izango dituzte lagungarri, testuingururatzeko elementuak eta arma mota ezberdinak fabrikatzeko, kargatzeko eta tiroa jaurtitzeko moduaren inguruko bitarteko infografikoak.

Bisitari ekiteko eskualdeak armagintzan egin duen 600 urteko ibilbidea eskaintzen duen ikus-entzunezko bat dago.

Ondoren, bisitaria arma-erakusketara sartuko da, hiru esparruren inguruan ardaztu den erakusketara.

Hasierak dugu lehenengoa, areto bik osatzen dutena. Hor, armagintzaren hastapenak eta gremioen sasoiko industria-antolaketa islatzen dira; su-sistema antzinakoenak dituzten piezak daude ikusgai: metxadunetatik hasi (XVI. mendea) eta XIX. mende hasierako txispadunetara arte.

Bigarren zatia Aldaketen sasoia du izena eta bere areto bietan -XIX. mendean izandako aurrerapen teknologiko handien ondorio- armagintzak izan zuen bilakabidea erakusten du. Aurrenik pistoia asmatu zuten; gero etorri ziren kartutxoetan egin ziren aurrerapenak. Horrek garapen teknologiko handia ekarri zuen trantsizio sasoi hartan; hau da, gremioen sasoia amaitu eta industrializazioaren lehenengo urratsak ematen hastear zeuden hartan.

Azken esparruak, Industrializazioa izenekoak, hiru areto hartzen ditu eta gure herriko armagintzaren bilakabidea islatzen du XX. mende akabera arte. Ehiza-eskopetak edo kazarakoak, esmitzak edo errebolberrak eta norbere burua defenditzeko pistolak ditugu ikusgai.

Erakusketa-ingurubira horren amaieran jarri den erakusleiho handi batek ematen du armagintzak une honetan duen jardunaren berri. Eibarren izen eta ospe handiko tailerrek egindako ehiza-eskopetak eta kirol-armak han jarri dira.