Aldaketen sasoia
XIX. mendea, aldaketa handien mendea izan zen: teknologia berriak sartu ziren, industrializazioaren lehenengo urratsak eman ziren, gremioen sistema maldan behera zihoan. Huraxe izan zen, armagintzan, txisparen ordez pizgailua edo su-giltza erabiltzen hasi zen sasoia. Gertakari horri esker aurrerapauso handia eman zen armen garapen teknikoan, eta ondoren etorri ziren beste hainbat asmakizun, esate baterako, kanoiaren erreixatua edo marradura. Sasoi hartan sortu ziren baita atzetik kargatzeko armak.

